Euskarak historia luze bat dauka gure ibarrean. Dokumentatuta ditugun lehenengo berriak erromatarren garaikoak dira. Orduan ere euskara bazen herritarren hizkuntza. Horren lekukoa da inguruko herrietan hainbat hilarritan agertzen diren euskal izenak (Loxae Arginaritzen, Losae Ziraukin, Urchatetelli eta Larrahi Mendigorrian, Errensae Larragan, Agirseni Tafallan, Ummesahar, Abisunhar eta Narhunges Lergan…). Honetaz gain gure toki izen gehienek ere mendeetan zehar euskarak izan duen presentziaz hitz egiten digute, ibarreko herri guztietan euskal toponimoak anitz eta aberatsak baitira.
XVI. mendeko elizaren hizkuntza distribuzio mapek gure ibarra euskaldun gisa aurkezten dute. XVIII eta XIX. mendeek aldaketa linguistikoa ekarri zuten. Izarbetar gehienak euskaldun elebakarrak izatetik gazteleradun elebakarrak izatera igaroko ziren poliki-poliki. Honen adibide argia dugu 1860ko euskaldunen erroldan. Bertan Izarbeibarko biztanleriaren % 14 euskalduna zen, ziurrenik gehienak adin nagusikoak. Euskara nahiko bizirik izateagatik Bonapartek 1863 urtean egindako euskalkien mapan Gares eta Izarbeibar osoa euskararen zonaldean kokatu zituen.1923 urtean La voz de Navarra egunkarian Larrekok idatzitako artikulua Izarbeibarko euskalkiaren amaiera-mugarritzat hartzen dugu, bertan izan zitekeen ibarreko azken euskalduna elkarrizketatzeko aukera izan zuen. Ziur aski harekin joan zen liburu honetan aztertzen dugun Izarbeibarko euskalkia eta, nolabait ere, hari atxikiturik zegoen mende askotan zehar osatuta kultura ondare ez-material itzela.Hala ere, Izarbeibarko euskalkia ez zen betiko galdu. Euskaraz idatzitako elizaren sermoiak eta doktrinak, leku izenak, herritarren goitizenak, gazteleran geratu diren euskal landareen, animalien, eguraldiaren, lanabesen eta tresnen izenak eta beste iturri batzuk ezinbestekoak izan dira hemen duzun liburua argitaratzen ahal izateko.
Euskara berriro itzuli zen ibarrera XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan. Izarbeibarko herritarrek euskararen aldeko apostua egin zuten eta batzuk euskara ikasten hasi ziren gau-eskoletan. Geroago, 1986 urtean D eredua sortu zen euskararen berreskurapen prozesurako fruitu oparoak emanez. Ordutik hona euskaldunen kopurua hazten joan da. Egun Izarben dugun euskaldunen kopurua % 15 baino gehiago da, hiztun gehienak umeak eta gazteak izanik.
Euskararen berreskurapena herritarren borondateari esker izan da hein handi batean. Esan behar da euskararen berreskurapenerako lanetan Izarbeibarko jendearen jarrera eredugarria izan dela. Hemendik aitzina egungo herritar eta euskaldunok beste erronka berri batzuk ditugu, besteak beste, euskaldunen kopurua handitzea eta behar beharrezkoa dugun euskararen erabilera bultzatzea.
Nolabait ere, argitalpen honekin galduriko Izarbeibarko azpieuskalkia, hegonafarrerako euskalkien familiakoa dena, berreskuratu nahi izan dugu. Aitor Aranak maisuki egindako lan hau egungo euskaldunen euskara aberasteko baliogarria izan dadila desio dut.