2025eko uztailak 1

ASTRORISMO UZTAILAREN 2TIK 4RA

Foto noticia

Gares unibertsoaren bila bere astronomia jardunaldietan

 

Zatoz Bideko Izarrera. Ven a la Estrella del Camino” izenburupean, argi-kutsaduraren inguruko kontzientzia sustatzeko apustua egin du Garesko herriak, eta gainera, turismo-jarduera berritzaile eta irisgarri baten bidez.

 

Uda honetan Gares herriak proposamen berezi bat aurkeztu du: begirada altxatu, zerua deskubritu eta unibertsoan murgildu, herritik atera gabe. Uztailaren 2tik 4ra, Vinculo etxeak “Zatoz Bideko Izarrera. Ven a la Estrella del Camino” Jardunaldi Astronomikoak antolatuko ditu, publiko guztientzako doako jarduera-programa batekin: hitzaldiak, planetarioak, bisitak eta benetako teleskopioekin egindako behaketak.

Jardunaldiak diseinatu dira irisgarritasuna eta jasangarritasun unibertsala kontuan harturik. Horrela mugikortasun urriko pertsonak Vinculo etxerako sartu ahal izanen dira, bertan izanen diren laguntza-langileei esker. Horrez gain, herrian sarrera errazteko aparkaleku bat prestatuko da, eta parte hartzen duten tabernek kilometro 0ko produktuekin egindako pintxoak eskainiko dituzte. Bestalde, jardueren materialak irakurketa errazteko, Nafarroako Aspace taldeak balioztatutako testuarekin BIDI kodeak eskuragarri egonen dira.

Urte batzuk daramatza Garesko Udalak energia-eraginkortasuna hobetzeko eta argi-kutsadura murrizteko lanean, zeru iluna babestu eta herria jasangarriagoa bihurtzeko helburua harturik. Konpromiso horren emaitzaz, Europako eta munduko zeru ilunaren defentsako agintaritza nagusienek (International Dark Sky Association – IDA) “2013 Dark Sky Defender Award” diploma eman zioten Udalari, zeru ilunaren defentsan mundu mailako proiektuagatik. Horrek udala animatu zuen proiektuarekin jarraitzera. Gainera, 2023an bi sari garrantzitsu jaso zituen herriak: Starlight Nazioarteko Lehen Saria “Berrikuntza eta Argiztapen Adimentsua” modalitatean, eta Germinador Social Publikoaren Saria, argiztapen arduratsuaren proiektuagatik.

Urte honetan barren, eta Starlight Nazioarteko araudiaren irizpideei jarraituz, Garesko Udalak bere bi kaletako (Gurutze eta Nagusia) argiteria aldatuko du.

Izarrak begiratzeko bestelako plan bat

Jardunaldiak uztailaren 2an, asteazkenean, hasiko dira, Girgillaoko Behatoki Astronomikoko teknikaria den Juanjo Salameroren hitzaldiaren eskutik. Hitzaldian, Salamerok zeru ilunaren sekretuak ezagutzeko gonbita eginen digu.

Uztailaren 3an, ostegunean, Vinculo etxea 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat planetario bihurtuko da, “egun batez astronauta” bihurtzeko aukera izango baitute Soy Planetario enpresako dibulgatzaile astronomiko aditu Sonia Ortizekin. Jardunaldia “Elkarrizketak Esne Bidearen azpian” izeneko bisita eta ipuin-kontalari saioarekin jarraituko du, hain zuzen Leuna antzerkia eta kultura elkartearen eskutik. Beraz, familian gozatzeko ezin aproposagoa.

Uztailaren 4an, ostiralean, helduen txanda izanen da. 12 urtetik gorakoendako zuzenduriko planetario-saioa eginen da: “Esaldiak eta eklipseak. Unibertsoaren sekretuak” izenburupean. Amaitzeko, 22:30etik aurrera, benetako teleskopioekin zeruaren behaketa egiteko aukera paregabea izanen da, Garesko zubi enblematikoaren azpian.

Giro astronomikoa tabernetan

Hiru egunetan barrena, 20:00etatik 22:30era, herriko hainbat tabernak ekimenarekin bat eginen dute unibertsoan inspiratutako pintxo-pote tematikoarekin bat etorrita. Parte hartzen duten establezimenduak —Gares tabernak, Bidean jatetxeak, Mikel eta Aloa tabernak— kilometro 0ko produktuekin egindako pintxoak eskainiko dituzte dastatzeko, ohiko kontsumizioarekin batera (prezioa izanen da establezimenduaren arabera).

Jarduerak doakoak izanen dira, edukiera bete arte, eta irisgarritasun-irizpideak kontuan hartu dira guztietan. Antolatzaileek gomendatzen dute behar bereziko egokitzapenak edo baliabideak behar dituzten pertsonek antolakuntzari aurrez jakinaraztea, batez ere gaueko behaketan parte hartzeko.

Uda zerura begira igaro nahi dutenentzat plan ezin hobea… Garesko kaleko giro onarekin eta gastronomia bikainarekin lagunduz.

 

Programa PDF accesible euskera

Facebook
Youtube
Volver arriba
Cookieak erabiltzen ditugu gure webgunean zure nabigazio-esperientzia hobetzeko, eduki pertsonalizatuak erakusteko eta gure webgunearen trafikoa aztertzeko.
Cambiar mi consentimiento