Donejakue bidetik Garesko altxor arkitektoniko gehienak ikus ditzakegu. Hemen proposatzen dizugun ibilbideak ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du herria, Gurutzifika eta Kale Nagusian barrena hain zuzen ere:
- Erromesaren oroigarria. Herrira heldu aurretik Arrizabalagarako bidegurutzean erromesaren oroigarria ikus dezakegu, Iruñeako errepide zaharrean paraturik dago, Sonportetik datorren bidea heltzen den tokian bertan.
- Gurutzeko eliza. XII. mende bukaeran eraikitako eliza erromanikoa da, aspaldian erromesen ospitala, egun Aita Erreparadoresen ikastetxe eta erromesen aterpearen artean kokaturik dago. Eliza honetan hasten da ekialdetik mendebaldera herria zeharkatzen duen ardatza, Donejakue bidean barrenekoa.
- Kale Nagusiko sarbideko Dorreak. Iruñea-Logroñoko errepideak Donejakue bidea zeharkatzen du Gurutzifika kalearen amaieran. Errepidez beste aldean Kale Nagusia hasten da. Albo banatan bi dorre daude Garesko Erdi Aroko harresiaren aztarnak.
- Donejakue eliza. Tamaina handiko parrokia- eliza da. XII. mende bukaeran eraikia, XVI. mendean zaharberrituta izan zen. Hala ere barruan dauden erretaulak, mihiseak, tiboreak eta beste apaingarri batzuk, batez ere, XVIII. mendekoak dira.
- Hirukoiztarren komentua. XII. mendean sortu, XVI. mendean zabaldu eta XVIII. mendean zaharberritua izan zen. Donejakue elizaren parean kokaturik dagoen komentu hau Mendizabalen desamortizazioaren ondorioz udalaren eskura igaro zen. Egun jabetza pribatukoa da. XVIII. mendean zaharberritutako fatxadan aski narriatutako apaingarriren bat ikus dezakegu oraindik.
- Jauregiak. Kale Nagusian zehar Erdi Aroko eta Errenazimenduko hainbat atari eta Barrokoko hainbat fatxada ikus ditzakegu. Jauregi sorta garrantzitsu honek kale nagusiari ezin erkatuzko edertasuna ematen dio.
- Julian Mena plaza eta Cubiertos-en Etxea- (XVII. mendea) arkupeko galeriadun eraikina da eta Garesko Plaza Nagusian dago, Nafarroako ederrenetarikoa. Egun Garesko Udaletxea da.
- Belenak. Gares Donejakue bideko herri bat izanik, bere kaleak Bidearekin (Kale Nagusiarekin) paraleloan sortu ziren. Kale luze hauek elkarrekin komunikatzen dira belena estuei esker, herriari erdi aroko ukaezinezko ukitua emanez. Plazatik metro batzuk aurrerago Garesko belena erakargarrienetariko bat zabaltzen da.
- Vinculo etxea. Zubi erromaniko ondoan altxatzen den eraikin ederra da. Duela urte batzuk zaharberrituta, egun Turismo bulegoa eta erakusketa aretoa da.
- Zubi erromanikoa. (XI. mendea). Garesko ikurra da eta bere ospea munduan zehar zabaltzen da. Zubiak zazpi arku ditu haietariko bat lur azpian, izkututa (Kale Nagusi aldean). Zubi ondoan, iparraldeko aldean, Garesko txokorik ederrenetariko bat aurkitzen dugu errekarako jaitsieran hain zuzen ere.
- Sancto Spiritus-en Komendadoreak. (XIII. mendea). Ibaia igaro ostean, zubi erromanikotik joanez, ezkerretara jo eta Iruñea-Logroño errepidea zeharkatu ostean hainbat metro ekialderantz egin behar komentura ailegatzeko. Arga ibaiak herria banantzen duen zonalde honek Zubiurrutia izena du eta bertan Erdi Aroko asentamendu bat egon zen.
Jarraian, zubi berriaren barrena herrira bueltatu ahal izanen dugu, Iruñea-Logroño errepide zaharraren bitartez, zubi erromanikoaren xarma miresteko.
- San Pedro eliza (XVI. mendea). Zubi berria igarota Garesko beste parrokia-eliza bat aurkitzen dugu.
- Harresiaren aztarnak. Foru pasealekuan barrena joanez gero, herri erdirako norabidean, ezkerraldeko etxebizitzetan aspaldiko harresiaren aztarnak ikus ditzakegu.