Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Eskerrik asko! #Gares900

2022. urtea historiara pasako da gure herrian, kulturaz beteriko urtea izan delako, historiaz beterikoa, bizitzaz beterikoa. Karriketara itzuli ginen urtea, berriz ere elkartzeko aukera izan genuena, hiribilduaren sortzearen bederatzigarren mendeurren honetan herritasun hori birsortu duguna.
 
Parte-hartzearen urtea. Garestar bizilagun eta elkarteen lanari esker egitarau zabal eta anitzaz gozatzeko aukera izan genuen, gure historia, artea, etnografia eta gure izaera bera hurbiletik ezagutuz. Hauxe izan zen gure nahia hasiera-hasieratik, herritik eta herriarentzat antolatutako Urteurrena. Berriz ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu antolakuntzan parte hartu duten bizilagun eta kultur taldeei, beren lanarengatik izan ez balitz ezinezkoa izango genukeen bizitako kultura-iraultza hau aurrera eraman.
 
Herriko historiaren urtea. Hitzaldi eta erakusketen bidez hurbiletik ezagutu ditugu gure herriaren sortzea, 1122ko Foruaren historia, judutarren auzoa, komunalen historia, karlistaldietako gotorlekuak, ardoa eta ardogintza, hezkuntza eta herriko eskolak, erraldoi eta gaiteroen taldeak, beste gai askotarikoen artean.
 
Kulturaren urtea. Emanaldi, kontzertu, antzerki eta beste hainbat ekitaldi izan ditugu, bertako zein kanpoko taldeek eskainiak. Hiribilduaren Egunean gure herriko kultura, artea, artisautza, dantza eta musikak, tradizioak izan genituen ardatz. Herri oroimenera pasako den eguna, gure herriko bizilagun eta elkarteen lana harrotasun handiz erdigunean jarri izanagatik.
 
Fabaren Erreginaren Festarekin eman genion Urteurrenari amaiera bikaina. Beste behin, herriko eta Nafarroako historia hurbiletik ezagutu genituen, oroimenean izango dugun beste egun batean, beraz.
 
Eta, hain zuzen, festa honetan entzun genituen hitzei erreferentzia eginez, urte honen guztiaren muina honakoa izan zen: inoiz ez ahaztu gure historia, jaio izan ginen tokikoa zein ostatu eman digun horrena ere. Esan dezagun harro gure herria kulturaz beterikoa dela, bizitzaz beterikoa, ilusio eta desio ugari dituena, parte-hartzailea dena eta gure historia eta memoria mantentzeko hautua baduela. Eta hurrengo belaunaldietara transmititu dezagun xede hau, horiek izango baitira etorkizunaren sortzaileak.
 
Deskarga itzazu 900. Urteurreneko ekitaldien argazkiak hemen: https://drive.google.com/drive/folders/1eFaBdRznkhekIv6usXeClexx905O-BYE?usp=sharing
 
Eskerrik asko egin duzuen lanarengatik, eta hurrengora arte!